Hainbeste gauza falta diren leku horretan bizi da maitasuna. Mendiak mugitzen ditu, itsasoak zeharkatu, poemak idatzi, kantak abestu eta lantzean behin zerraldo erortzen da lurrera, mozkorturik eta zoriontsu. Horregatik bizi da mendi magalean bizitzera lotu beharrean mendia mugitzearekin amets egiten duenarekin. Ameslaria mendi gailurrera heltzearen ilusioak ernetzen dituen loreez osaturik dago, ez igo beharreko aldatsaren harri, sasi, arantza eta odolez. Guztiok gutxiesten dugunari balioa emateko ikasgai magistrala ematen duen substantzia zabaltzen dio gorputzera bihotzak. Plentziako itsasadarraren lasaitasun barea, urteek ondutako olatuengandik babesteko harresiaren babesa. Itsasoa landa luze eta zabala baino ez da, Domitxineko laborarien belar-metek bela eta arraunak dituztena.
Baina hau ez da ipuin erromantiko bat. Hau gerra kronika bat da. Hildako, torturatu, bahitu, elektrodo, deportazio, berun eta Zentral Nuklearrekin.
Preso, errefuxiatu, deportatu eta iheslarien gaia estatuarekin itun politiko bat eduki ostera arte atzeratzeak berebiziko giza baliabideak galdu arazten dizkigu. Estatuak hamarkadetako informazioa pilatzen duen jendea dauka erabaki esparruetan. Guk ere badaukagu jende hori, non dauden da arazoa.
GITE, Josu Martinez eta Txaber Larreategik egindako lanari esker altxor handi horren zati bat jaso dugu. Bada garaia euskal gatazkaren ikus-entzunezko historiak ispiluaren beste aldea erakuts dezan.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.