Miliaren aurkezpen ekitaldian, Imanol Landa alkatea pozik agertu da (mp3), “finkatzen doan proba honen" ekitaldi berri bat egingo delako eta "Getxo atletismoaren erreferente egiten duelako”. Landak nabarmendu du, gainera, “atletismoarekin maila gorenean gozatzeko aukera bikaina ematen duela, herri barruko zirkuitua izanik, hurbiletik jarraitu ahal dugulako”. Itxartu Taldearen izenean, Rikardo Ansotegik gogoratu du kirol lasterketa honen helburua dela “batetik, berau finkatzea; eta bestetik, atletismoaren praktika sustatzea, udalerria bultzatu eta herritar guztiei kirol ikuskizun bat eskaintzearekin batera”. Lasterketan parte hartuko dutenek 1.600 metro inguruko distantzia bete beharko dute, 390 bat metroko zirkuituari lau itzuli eta erdi emanez. Algortako Telletxe kalean izango dira irteera eta helmuga. Probaren zehaztasun teknikoak Getxo Atletismo Taldeko arduradun nagusi Dimas Ramosek eskaini ditu. Honek, ekimenaren maila aparta azpimarratu du: “bertan parte hartuko duten korrikalariak maila handikoak dira”.
Izen-ematea
Lasterketarako izen-ematea doakoa da eta interesatuek info[abildua]itxartu.org helbide elektronikoan zein Gaztañaga Kirolak eta Kantxa Kirol Moda dendetan egin ahal izango dute; hilaren 24ra arte, edota irteeran bertan proba bakoitza abiatu baino ordu erdi lehenago.