Deialdi horrekin 45 bat kontratazio berri sortzea aurreikusi dute. Eskaerak egiteko epea azaroaren 19ra arte egongo da zabalik. Iaz 51 langabetu kontratatu zituzten. Bestalde, udalerriko merkataritza eta ostalaritza sektoreetako enpresek prestakuntza eskaintza zabala izango dute eskuragai, erakusleiho-apainketatik edo salmenta puntuko animaziotik hasita, merkataritza Interneten bidez edo merkataritzako publizitate eraginkorreraino. Bestetik, udalerriko langabetuek aukera izango dute informazio hitzaldietara joateko eta euren prestakuntza hobetzeko. hainbat prestakuntza saio laburrei esker: Merkataritza Legedia, Kalitatea, Bezeroari Arreta edo Salmentarako Teknikak, besteak beste. Pertsonei prestakuntza eskaintzeko aurrekontua 15.000 eurokoa da.
Enplegu topagunea
"Merkataritza eta ostalaritza enpleguarekin" lelopeko kanpaina urriaren 22an Algortako Fadura kiroldegian egingo den enplegu topagunearekin indartuko dute. "Jardunaldi ikusgai eta erabilerraza izango da hurrengo hilabetetan langileak hartu behar dituzten enpresa guztientzat, eta merkataritzan eta ostalaritzan lan egiteko prestakuntza lortu nahi duten udalerriko pertsona guztientzat", azaldu dute udal iturriek. Halaber, enpresek behar dituzten langileak hartu ahal izango dituzte aldez aurretik, inolako kosturik gabe, Getxolanen talde teknikoak egindako aurre-selekzio bati esker; eta azkeneko elkarrizketak egiteko gune bereziki egokitua izango dute. Azken urte hauetan horrelako jarduera batzuk, osasun, garbiketa eta merkataritza sektoreak dinamizatzeko egin dituzte. Azken topagunean, orain dela urte bete, 22 lanpostu kudeatu zituzten 16 enpresentzat. Enplegu topagunea egin ahal izateko 15.000 euro aurreikusi dituzte.
Imanol Landa alkateak gaur adierazi duenez (mp3), "Udala oso lan garrantzitsua egiten ari da sustapen ekonomikoaren arloan eta, batez ere, udalerriko merkataritza eta ostalaritza sektoreak bultzatuz". "Lan hori gauzatu da, esaterako, Getxoko merkataritza, ostalaritza eta aisialdia dinamizatzeko planean; merkataritza mahaia martxan jartzean; merkataritza guneetan jarritako argiztapen berria, zolatzeko obrak eta peatonalizazioan edo edukiontziak lurperatzean, hala nola, lekuz aldatzea, merkatariek hala eskatuta", gaineratu du. Halaber, Landak gogoratu ditu “Getxo, shop & fun” kanpaina; Udaltzaingoan jarritako Merkataritza Unitate berezia; terrazen inguruko arautegi berria; merkataritza lokalak etxebizitzak bihurtzekoa; merkataritza berdearen proiektua; eta udalerriko txikizkako dendatan lan egiten duten langileei eskainitako prestakuntza.