Era ekonomikoan gidatzeak ekar ditzakeen onuren artean, batez besteko abiadura jaitsi gabe, batez beste erregaiaren %15 aurrez daitekeela adierazi dute Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko arduradunek. Bestalde, ondoko mesedeak ere omen dakartza: CO2ren isurketa gutxitzea eta kutsadura akustikoa txikitzea, istripu arriskua %10 eta %25 bitartean murriztea, eta ibilgailuaren mantentze gastuak (balaztak, enbragea, martxa-kutxa eta motorra) gutxitzea. Gainera, erosoagoa ei da gidariarentzat, estres gutxiago sortzen duelako.
Metodologia
Ikastaroaren iraupena lau ordukoa izango da. Lehenik eta behin, ohiko gidatzeko era jarriko dute praktikan gidariek, ibilbide mugatu batean, abiadura eta kontsumo parametroak neurtuko direlarik. Ondoren, modu ekonomikoan gidatzeko kontzeptu teorikoak eta ingurumenari buruzko irizpideak azalduko dizkiete, ibilgailua erabiltzean kontuan hartzeko. Horiek ikasita, lehengo ibilbide berdina egingo dute kotxez, baina oraingo honetan klase azaldutako aholkuak praktikan jarriz. Abiadura eta kontsumo parametroak neurtuko dira berriro. Azkenik, emaitzen konparazioa eta aurreztu den erregai eta CO2 isurketen kalkulua egingo dute.