Ikoitz Arrese IAko bozeramailearen arabera, ikasleen egoera ez da hobetu: "Administraziotatik datozkigun erasoak etengabeak dira". Euskal Herriko lurralde zatituen araberako balorazioan, Ipar Euskal Herrian euskal departamenturik ez izateak ikasleei dakarzkien gabeziak salatu zituen. Nafarroa Garaiari dagokionez Gobernua "betiko bide espainolistan" jarraitzen duela esanez laburtu zuen egoera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gobernu berriak sostengatutako Hiru eleko hezkuntz eredua "inposaketatzat" eta "erasotzat" jo zuen, ikasleen kontrako errepresioarekin batera.
Bestalde, gogor kritikatu zuten Euskal Herriko unibertsitateetan indarrean jarri duten Bolognako prozesua: "Unibertsitate eredu arrotz, antidemokratiko eta merkantilistak haziz doaz Euskal Herrian", salatu zuten. Gainera, Bologna ezartzeko prozesua "ikasleon hitzari entzungor eginez" gauzatu dela salatu zuen Arresek.