GIMP (GNUren Irudiak Manipulatzeko Programa)
Aplikaziorik ezagun eta osatuena, mundu libretik at Photoshop ezagunarekin alderatzen dena. Gauza asko egin ditzakegu berarekin, geruza desberdinak sortu eta beraiekin lan egitetik, iragazkiak perspektiba konponketak… aplikatzeraino. Gainera, euskarazko eskuliburu bikaina aurkitu dezakegu sarean, horrelako tresna zabala nola erabili hobeto ulertu eta ikasteko.
Gimp erabiliz eginiko dekolorazio selektiboa
Ufraw (Unidentified Flying RAW)
RAW fitxategiak (fotomakinetako irudi-gordinak) errebelatu ditzakegu programa honekin. Argazkigintzan serio hasiz gero, ziurrenik era honetako aplikazioak oso interesgarriak suertatuko zaizkigu, zuri-balantzea, kolore-saturazioa eta abarreko parametroen gainean kontrol handiagoa izatea ahalbidetzen baitute. Ufrawren kasuan, gazteleraz sarean oso gida interesgarriak ditugu eskuragarri.
Ufraw erabiliz errebelaturiko irudia.
Hugin
Hainbat irudi desberdinekin irudi panoramiko handiago bat egiteko balio duen aplikazioa, aurreko batean ere aipatu nuena. Panotools erabiltzen du azpitik eta proiekzio desberdinak erabili ditzakegu, efektu artistiko interesgarriak lortuz. Erabiltzaile berriarentzat era automatikoa oso intuitiboa da, emaitza bikainak lortuz. Zer egin daitekeen ikusteko, onena euren tutorialetan begiratzea da.
Hugin erabiliz eginiko irudi panoramikoa
Qtpfsgui
HDR edo Tarte Dinamiko Handiko irudiak egitea ahalbidetzen duen aplikazioa, esposizio desberdineko argazkiak konbinatuz. Era honetan, tarte dinamiko normaleko irudi batean ilunegi edo argiegi ikusiko litzatekeena oso ondo ikusten da, zenbaitetan itxura irreala emanez argazkiari. Gisa honetako irudietan interesaturik egonez gero, bota begiratu bat tutorial erraz honi.
Qtpfsgui erabiliz eginiko HDR irudia
Azken ohar txiki modura esatea nik arinago eman nuela software librera jauzia, argazkigintza digitalera baino, eta beraz, ez dakidala aplikazio hauek bere baliokide ez-libreekin alderatuz hobeak, txarragoak edo zelakoak diren; ni neu oso gustura nago hemen zerrendaturiko aplikazioekin, eta nire argazki guztietarako erabiltzen ditut.
Gozatu aplikazio hauetaz: doakoak eta libreak dira! Eta tresna libre hauek, argazki libreak egiteko erabiltzen badituzu, oraindik hobe!
Mikel Iturbe Urretxa blogari getxoztarrak gaur Hamahiru.org bere bitakoran argitaratutako artikulua