Asteazken honetan, irailak 22, Leioan izango da Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkaria. Eneko Arruebarrena tokiko alkatearekin batera,
haur eskola eraiki zein musika eskola handiagotzeko lanak bisitatuko ditu. Bi egitasmoetara zuzendutako aurrekontua 2,6 miloi euro baino gehiagokoa da (2.636.372 euro), dirua bigarren Tokiko Inbertsio Funtsetik aterata. Horrenbestez, 2.000 metro koadro baino gehiagoko etxea egingo dute egungo Txomin Aresti eskola publikoaren alboan. Eraikina hiru solairutan banatuta egongo da, hots, behe solairua eta beste bi gainetik. Aurreikuspenen arabera, behe solairua haur eskolarako izango da, bigarren solairua musika eskolako gelak ezartzeko erabiliko dute; eta bitarteko solairua, hezkuntza arloan etorkizunean beharrezkoak izango diren zerbitzuetarako bideratuta egongo da. Argazkian, Mikel Cabieces urtarrilaren 19an Getxoko Andra Mari kiroldegiko lanetan.