Torturaren kontrako manifestazioa egingo dute etzidamu Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 21a, 23:32

"Tortura gehiagorik ez!" lelopean, ostiral honetan, irailak 24, manifestazio batek zeharkatuko ditu Leioako kaleak. Hitzordua 20:00etan jarri dute, Bulebarrean. Izan ere, iragan asteko polizia operazioan atxiloturiko bederatzi euskal herritarrek "tortura basatiak" jasan dituztela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Erika Bilbao erandioztarrari dagokionez, ondokoa adierazi dute: "Behin Madrilen dela gela ilun batean eduki dute denbora luzez, eta bertatik ateratzean beti mozorroa jarrita izan du. Psikologikoki jasan duen jazarpena oso gogorra izan da, bere senideen gaineko mehatxuak izan ditu, bere bizitza pertsonalarekin sartu dira. Oihu ugari egin dizkiote eta zarata ugari entzun ditu inkomunikaturik egon den aldian. Kolpeak eman dizkiote eta behartutako posturetan egonarazi dute. Askotan jarri diote poltsa buruan arnasarik gabe uzteraino. Elektrodoak jartzearekin mehatxatu dute". Bilbaok Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean salatu zituen torturak. Hala ere, Soto del Realen (Madril, Espainia) espetxeratzea erabaki zuen horrek. Argazkian, hilaren 17ean ere mobilizazioak egin zituzten Erandion eta Leioan 70 eta 230 bat lagunek, hurrenez hurren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun