Ostegun honetan, irailak 23,
Metro Bilbao garraio enpresako arduradunekin bilduko dira langileen ordezkariak,
LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Enpresa Batzordeak orain bi aste erabaki zuen
zuzendaritzari ahalik eta lasterren batzeko hitzordua eskatzea, aldi baterako lau beharginei kontratua zergatik ez dieten berriztatu argitzeko asmoz. Batzar horretan, "lanpostuak deuseztatzeko politika berriari buruzko azalpenak" eman eta kaleratutako langileak berriro har ditzatela exijituko diete Metro Bilbaoko arduradunei. Ildo horretan, egungo hitzarmen kolektiboan jasotako lan baldintzak eta akordioak errespetatzea eskatuko diete. Mobilizazio egutegia aho batez onartu dute jada ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek. Etzi garraio enpresako bulego nagusian (Nafarroa, 2 / Bilbo) egingo dute elkarretaratzea, goizeko 9etan; hau da, konpainiako arduradunekin batzartu baino ordu erdi lehenago. Argazkian, mobilizazio egutegia adostu dute metroko langileek / © Koska irratia.