
Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarriak jai itxura hartuko du igande honetan, irailak 26, Altsasun egingo den 2010eko Bategin Egunean. Aurtengoan, Udalbiltzaren aurkako epaiketan auzipetuta daudenei babesa eta laguntza ematea izango da jaiaren helburu nagusia. Eguraldiak eragozten ez badu behintzat, Altsasu eta Urdiain arteko San Pedro ermitako landetan egingo da jaia. Ekitaldiek 10:30ean hasi eta arratsaldera arte iraungo dute. Besteak beste, pailazoak, bertsolariak edota Esne Beltza eta Izargi taldeen kontzertuak izango dira. Paella erraldoia, babarrun jana, sardinak eta taloak egongo dira aukeran bazkalorduan. Horrenbestez, Uribe Kostan ere autobusa egongo da Altsasuko Bategin Egunera joateko. Ohiko lekuetan eman beharko da izena, horretarako azken eguna ostirala dela. Argazkian, uztailaren 10ean elkartasuna adierazi zieten Algortan Udalbiltzako auzipetuei.