
2011n tasak eta zergak izoztea proposatu du gaur Erandioko PPk. Eskaera arrazoitzeko hiru argudio erabili ditu Javier Ruiz tokiko popularren bozeramaileak. Batetik, udalerriko langabezia tasa %15 ingurukoa dela aipatu du. Hortaz, "presio fiskala areagotzeak aipatu lagunen ekonomia egoera gehiago kaskartuko luke", Ruizek hitzetan. Bestalde, azken urteotan, Erandioko zergak eta tasak "KPI eta Bizkaiko bataz bestekoa baino gehiago" igo direla kritikatu du PPk, horretarako hainbat adibide emanez. Esate baterako, ur eta saneamendu tasek %10 egin dute gora Erandion, Bizkaian, hurrenez hurren, igoera %4,7 eta %6,8koa izan denean, Ruizek emandako datuen arabera. Azkenik, krisialdian egonda ere, "ekonomia onbideratu" ei dauka Udalak: "udal zorra 200.000 eurokoa baino ez da", Erandioko PPko bozeramaileak dioenez. Argazkian, Javier Ruiz.