“Gogoratu, zure eskubideak defendatu eta zabaldu" lelopean, Haurren Eguna izenez ere ezaguna den Osasun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, irailak 25, Erandioko Akarlanda parkean (Unbe). Gehienbat udalerriko haur eta gazteei zuzenduta dago, 17 urte bitarteko erandioztarrei, hain zuzen. Aurreko urteetan bezalaxe, aurtengo ekitaldian ere garrantzi berezia emango diete umeen eskubideei. Ekitaldian, "bizimodu osasuntsua eta ingurugiroaren babesa sustatzeko eta alkoholdun edarien zein tabakoaren kontsumoa prebenitzeko xedea duten jarduera jolasgarri eta animaziozkoak" edukiko dituzte neska-mutilek, udal iturriek zehaztu dutenez. Horrenbestez, 11:00etatik 14:00etara luzatuko da jaia. Akarlandara joateko, ohiko herri barruko autobusaz gain, unitate berezi bat doan ibiliko da. Argazkian, gaztelu puzgarriak aurreko Osasun Jai batean, Akarlandan / © Erandio.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!