Algortako Telletxe kalea zirkulazioari itxita egongo da larunbat honetan, irailak 25,
Getxoko Miliaren laugarren edizioa dela eta. Zehazki, Amezti eta Euskal Herria kaleetako bidegurutzearen eta Sarrikobasok eta Algortako Etorbideak bat egiten duten gunearen arteko tartean izango da mozketa, 11:00etatik 13:30era. Izan ere, errepide zati horretan lekutuko dute Getxo Atletismo eta Itxartu taldeek antolatutako lasterketaren zirkuitua, udal iturriek zehaztu dutenez. Parte-hartzaileek, kadete mailatik eta elite kategoriarainoko artekoek, 1.609 metro osatu beharko dituzte, 390 metroko zirkuituari lau itzuli eta erdi inguru emanez. Telletxen bertan izango dira irteera eta helmuga. Txiki eta benjaminetatik hasi eta haur kategoria artekoek bat eta hiru itzuli artean eman beharko dizkiote zirkuituari. Udaltzainek uneoro zaindu eta zuzenduko dute zirkulazioa, probak iraun bitartean. Argazkian, astelehenean aurkeztu zuten Getxoko Miliaren laugarren edizioa / © Getxoko Udala.