Azken urte hauetan burutzen ari diren dinamizazio planak "Getxo erosketetarako, aisialdirako, eta gizarte harremanetarako –bertokoen eta bisitarien artekoetarako– ereduzko udalerri bihurtzea du helburu, udalerriko dinamismo kulturala, kiroletakoa edo turistikoa aprobetxatuz”, Landak azaldu duenez. Bere ustez, Cinegourlandek garrantzi handiagoa dauka krisialdi honetan, hirien eta udalerrien artean dagoen lehian: “Getxo lehen mailako eskaintza erakargarria duen udalerria da, eta horrek aukera ematen digu inguruan dauden hiriburuekin eta hiriekin lehian sartzeko”, adierazi du alkateak.
Cinegourland jaialdian zinema, gaikako dokumentalak, sekuentziatan eta erakusketatan oinarritutako eztabaidak zein lehiaketa gastronomikoak uztartzen dira. Pepe Barrenak azaldu duenez, "alde batetik, bigarren urtez egingo da zinemako pintxoen lehiaketa, Getxoko tabernen partaidetza handiagoarekin gainera. Bestetik, 'Beren txokoen sekretua' izeneko lehiaketaren lehenengo edizioa izango da, bertako txokoen artean oso erantzun ona izan duen proposamena. 15 elkartek ziurtatu dute parte hartuko dutela, hau da, udalerrian dauden txokoen %90".
Zinema eta sukaldaritza
Cinegourland motorrak berotzen hasiko da irailaren 30ean eta urriaren 1ean, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleentzat prestatutako proiekzioekin, Fernando Canales sukaldariak eta Iñigo Sainz Arregi elikaduran aditua den medikuak aurkeztuta, hurrenez hurren.
Ostegunean, hilaren 30ean, 18:30ean, “Creaciones” proiektatuko dute, abangoardiako sukaldaritzaren sortze-prozesuari buruzko dokumentala. Senen Gonzalez Gasteizko Sagartoki jantokiaren sukaldariak horri buruzko hitzaldia emango du. 20:30ean, “Guerra de vinos”, Randall Miller zuzendariaren pelikula emango dute. Proiekzio guztiak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango dira eta sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. 21:30ean Algortako Portu Zaharrean sardina jana herrikoia egingo dute.
Ostiralean, urriaren 1ean, 20:30ean, Fatih Akin zuzendariaren “Soul kitchen” pelikula proiektatuko dute. Bestalde, gauean, San Joseren jauregian egingo duten gala batean, “Cinefilos & Gourmets” saria emango diete Caco Senante abeslari eta gastronomo kanariarrari; Iñaki Nuñez Roman Polanskiren ekoizle eta upeltegi-jabeari; Jorge Fernandez telebistako aurkezle era hainbat jatetxeren jabeari; Alberto Chicote chef eta aktore madrildarrari; “Robin Food” David de Jorge sukaldariaren telebista saioari; eta “Soul kitchen” urteko gastronomiako film onenetarikoari.
Larunbatean, urriaren 2an, Areetako Eskoletako plazan izango dira goizeko jarduerak. Bertan, 11:00etan, “Zinemako kafeak” doako kafe-dastaketa hasiko da, hala nola, udalerriko gastronomia elkarteen arteko “Bere txokoen sekretua” lehiaketa. Bakailao pil-pil erara prestatuko dute. 13:00ak aldera, sariketa horren eta “Zinemako Pintxoak” lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Bertan, udalerriko hainbat tabernek hartu dute parte. 20:30ean, “Julie eta Julia”, Nora Ephronek zuzendu eta Meryl Streep eta Amy Adamsen antzeztutako pelikula emango dute.