Bihar, ostegunarekin, Getxo udalerriko Kontsumo Taldea aurkeztuko dute, jendaurrean, Algortan. Hitzordua arratsaldeko 7:30ean jarri dute, Etorkizuna taldeak Basagoiti etorbideko 67. eta 69. atarien artean dituen lokalean. Kontsumo taldea, baina, ez da berria, dagoeneko hamaika hilabete baitarama biltzen, "era ezberdinean elikatzea helburu". Horretarako, besteak beste, Itzubaltzeta gaztetxearen laguntza izan du. Dena den, denbora horretan, gauzak ondo egin eta pixkanaka-pixkanaka funtzionamendua hartzen ikasi nahi izan dute, esperientzia jendaurrean aurkeztu eta zabaldu baino lehen. Biharko aurkezpenean, Bizkaiko EHNEko baserritarrak eta kontsumo taldeko kideak izango dira, bertaratu nahi duten auzokideen galderak erantzuteko prest. Hiru dira taldeak eskaintzen dituen abantailak: "bertako elikagai ekologikoak" norberaren esku izatea; "salneurri duinak kontsumitzaile eta ekoizleentzat"; eta bi kolektiboentzako "erabakitzeko aukera". Argazkian, kontsumo taldean inguruko baserritarrek ere parte hartzen dute / © Getxoko Kultur Etxea.