Getxoko udal tasak eta zergak bere horretan utziko dituzte beste urte batez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 22a, 21:12

Getxoko Gobernu Taldeak udal tasak eta zergak euro bat ere igo barik mantenduko dituela jakinarazi du gaur Imanol Landa alkateak. "2011n ere, eta laugarren urtez jarraian, bere horretan uztea erabaki dugu. Gainera, igo ez ezik, auzokideei %30 jaitsi diegu zarama bilketaren tasa eta merkatariei %35a", aipatu du udal agintariak. Landak azaldu duenez (mp3), "aurrekaririk ez duen erabakia oraindik murgilduta gauden krisi ekonomikoaren testuinguruaren harira dator. Aipatu krisiak guztioi ekarri dizkigun estualdi ekonomikoak neurri batean arintzea da helburua". Luis Almansa Getxoko PSE-EEko bozeramaileak joan den astean iragarri zuen biharko udal batzarrean udal tasak eta zergak izoztea proposatuko duela. Argazkian, Imanol Landa Getxoko alkatea.

Tasak eta zergak lau urtetan izozteak, eta batzuetan jaisteak, 6.638.691 euro gutxiago biltzea suposatuko duela adierazi du Landak. Bere hitzetan (mp3), “esfortzu handia egin dugu eta, nahiko diru gutxiago bildu arren, ia udal zerbitzu guztiak antzeko kalitatearekin mantentzea lortu dugu. Gainera, krisia gehien pairatzen dutenei laguntzeko, gizarte politikak indartu ditugu aurrekontu handiagorekin". Jarraitu duenez, "udalerriko elkarteentzako (kultur, gizarte eta kiroletakoak...) laguntza ere mantendu egin dugu eta azken hamarkadetan Getxo eraldatzeko eta modernizatzeko aurrekarik gabeko prozesua eraman ahal izan dugu aurrera, inbertsio estrategikoekin, tartean Getxo Antzokia eta Romo Kultur Etxea". "Pasealekuak, plazak eta gune publikoak zein kirol ekipamenduak eta gizarte egiturak ere berritu ditugu", gaineratu du tokiko agintariak.

Modernizatze estrategia aurrera eraman ahal izatea eta elkarteentzako laguntza eta zerbitzuen kalitatea mantentzea Udalak "kontuak onbideratuak" edukitzeari esker izan dela adierazi dute Gobernu Taldekoek. “Garai onenetan baliabideak gordetzen jakin dugu, orain une zail hauei bermearekin aurre egiteko. Diru sarrera eta gastuen arteko beharrezko oreka mantendu dugu, gastu korrontearen murrizketa garrantzitsuarekin (2010erako sailen gastuaren bataz besteko %11,5eko murrizketa onartu genuen eta aurrekontua ere murriztu genuen, 100 milioi eurotatik 88 milioitara pasa ginelako);. Zentzuzko zorpetzea (parametro legalen azpikoa beti) soilik udalerriko inbertsio estrategikoetarako (inoiz gastu korronteari zuzenduta) izan da eta, azkenik, Getxo eraldatzeko prozesuan udal gainetiko erakundeen beharrezko parte hartzea (batez ere Foru Aldundiarena, eta Eusko Jaurlaritzarena eta estatuarena ere) lortu dugu", azaldu du Landak.

PPri buruz

Alkateak esan duenez, diru-laguntzak, elkarteentzako laguntzak eta modernizazio prozesuaren arteko oreka hori “oposizioko talderen batek errealitatetik kanpo egindako proposamenei kasu egin ez diegulako ere lortu dugu, legegintzaldi osoa eman duelako gastu korrontearen handitze handia eta tasa eta zergak jaistea suposatzen zuten mozioak aurkezten, gobernatzeko bokazioa duen alderdi baten arduragabekeriarik handiena agerian utziz”. Azkenik, Landak ohartarazi nahi izan ditu tasak eta zergak bere horretan uzteko erabakia urte gehiagotan mantendu ahal izateko "zailtasunak" daudela. "Lau urte daramatzagu diru-bilketa murrizten eta, Diputazioaren datuen arabera, bilketa apur bat gora egiten ari bada ere, krisiaren aurretiko garaietatik urrun gaude oraindik. Horregatik, gastu arrunta eusteko esfortzua etorkizunari begira ere mantendu behar dugu eta, horrekin, Udalaren eta udalerriaren lehentasunei buruzko hausnarketa egiten segitu behar dugu”, amaitu du Landak (mp3).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun