Bizimeta bizikleta mailegu zerbitzuak urtebete egin du. Aipatu zerbitzua Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietan dago erabilgarri. Arduradunek azaldu dutenez, epe horretan, 1.300 pertsonek baino gehiagok eman dute izena aipatu zerbitzuan, 36 eta 50 urte bitartekoak batez ere. Atzo goizean, urtebetea ospatzeko prentsaurrekoa egin zuten Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Bertan, Imanol Garai tokiko alkatea, Juan Olea Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko presidentea, Maria Uribe Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria, Antton Goikoetxea Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Ingurumen Arloko arduraduna eta Javier Mariño rezikletako Ingurumen Zerbitzuetako zuzendaria egon ziren. Azaldu zutenez, erabiltzaileen eskari nagusiei erantzunez indartu egin dute zerbitzua, bizikleta eta bizipuntuen kopurua %40a handituz eta adimendun bideo-zaintza integratua ezarriz. Horrek Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoak jaso ditu: 162.500 euro eta 79.957 euro, hurrenez hurren. Bestalde, Nafarroako Kutxak (CAN), gizabidezko banka sistemaren bitartez, 6.000 euro ingururen ekarpena egin du. Argazkian, atzoko ekitaldia / © Joseba Zubiaur - Sopelako Udala.