Mountain bike lasterketa egingo dute igandean Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 23a, 12:30
Igande honetan, irailak 26, XIX. Mountain Bike Gorliz 2010 lasterketa egingo dute, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen baitan. Mendibike elkarteak antolatuta, goizeko 9:30ean emango zaie hasiera martxa luze (40 kilometro), ertain (25 kilometro) eta laburrari (14 kilometro), horietan parte hartzeko gutxieneko adina 14 urte direla. 11:00etan, berriz, 4 kilometroko martxa txikia egingo dute. Larunbatean, hilak 25, eman ahal izango da izena kiroldegian, 11:00etatik 13:00etara; baita lasterketa hasi baino ordu erdi lehenagora arte ere. Txirrindulari federatuek 15 euro ordaindu beharko dute, federatuak ez daudenek 20 euro eta martxa txikian parte hartuko duten neska-mutilek 10 euro. Probak ez dira lehiakorrak. Gauzak horrela, parte-hartzaile guztiek kamiseta bat jasotzeaz gain, kirol materiala zozketatuko dute. Bestalde, kaskoa eramatea beharrezkoa izango da. Argazkia: cc-by-sa tonylanciabeta.
Dauzkan igoera eta jaitsierengatik, martxa luzea "zaila eta gogorra" izango dela adierazi dute antolatzaileek. Hori dela eta, kontrol postuetara oso berandu heltzen diren parte-hartzaileek martxa ertainean edo laburrean jarraitu beharko dute. Bestalde, sakeleko telefonoa eta konponketa txikiak egiteko oinarrizko tresnak eramatea gomendatu dute Mendibikeko kideek. Azkenik, trafiko arauak eta antolatzaileen aginduak errespetatu beharko dituzte parte-hartzaile guztiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun