Jose Antonio Agirreren zin egitea antzeztuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 23a, 13:10

Aurten Jose Antonio Agirre eta Lekube Eusko Jaurlaritzaren lehenengo lehendakari eta udal agintari getxoztarraren (1931-1933) heriotzaren 50. urteurrena gogoratzen delarik, orain 74 urte egin zen lehenengo Jaurlaritzaren sorreraren eta Agirrek Gernikako arbolaren pean egin zuen zinaren antzezpena egingo du AL50 Batzordeak. Ekitaldia urriaren 7an izango da, ostegunarekin, Gernikako Batzar Etxean, 16.30ean; 1936an lehenengo Jaurlaritza eratu zen egun eta ordu berean, alegia. ETBk ekitaldia grabatuko du, eta dokumental gisa emango da zuri-beltzez. Bestalde, 1936ko Gerran "garbiketa" sufritu zuten bazkide, jokalari, teknikari, batzarkide eta presidente ohien memoria berreskuratzea eta horiei esker ona ematea erabaki zuen, joan den ostiraleko bilkuran, Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzordeak. Halaber, horren adierazle taldeko jokalari izan zen Jose Antonio Agirre izendatzea deliberatu zuten. Argazkian, apirilaren 15ean Jose Antonio Agirreri egin zion omenaldia Getxoko Udalak, Negurin plaka oroigarria jarriz.

Ostiral honetan, irailak 24, 15:30ean, Gontzal Mendibil aipatu antzezpenaren zuzendaria eta Ramon Agirre aktore nagusia (Agirre lehendakaria) hedabideekin mintzatuko dira Gernikako Batzar Etxean. Ondoren, proba-saio orokorra egingo dute. Antzezte-zereginetan 60 aktore eta figurantek jardungo dute, urte odoltsu eta latz haietan, 36ko Gerra bete-betean zela, gauzatu zen gertaera historiko haren antzezpenean. Gobernu-hartzeko hitzaldiek, ekitaldi haien mahaiburutza foru-tankeraz eratzeak, gudarien desfileek eta lehenengo Eusko Jaurlaritzari egindako arma-aurkezteak gogoraraziko dituzte; 1936ko urriko 7 hartan bizi izandako une zirraragarriak. Garaiko jantzi eta attrezzo eta guzti. Gainera, gerra-fronteko irudiak ere proiektatuko dira. Ekitaldian, bestalde, Ertzaintzaren Musika Bandak, Gernikako Gaudeamus Koralak, Beti Jai Alaiko dantzariek eta Bilboko Udal Txistulari Bandak ere parte hartuko dute.

Agirre ohoratzea

Gontzal Mendibilek sortutako antzezpenean, eta beraren zuzendaritzapean, Ramon Agirre aktoreak hezurmamituko du Jose Antonio Agirre. 36ko Eusko Jaurlaritzaren osakideek, ekitaldira etorritako kontsulek, Espainiako Errepublikaren ordezkari instituzional zenbaitek eta usadio zaharrean eratutako mahaiburutzak emango diote bizia sinbolismoz betetako ekitaldi zirraragarri bati. "Agirre lehendakariaren balioek eta ondareak xedatzen dute beraren heriotzaren 50. urteurrena. Eta ekitaldi honen asmoa, hain zuzen ere, gure lehenengo lehendakariaren figura ohoratzea da, Eusko Jaurlaritza haren zilegitasun demokratikoa eta politikoa errebindikatzea eta belaunaldi hark herri honen askatasunaren eta burujabetzaren alde egindako lana agerraraztea", azaldu dute AL50 Batzordeko arduradunek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun