Getxoko Gurasoen Eskolak Udalarekin elkarlanean egindako
"Seme-alabak" aldizkariaren iraileko alea Interneten erabilerari buruzkoa da. Hain zuzen ere, Internetek eskaintzen dituen baliabide batzuk (uneko mezulariak, gizarte sareak eta blogak) deskribatzen ditu argitalpenak, "haurrak eta nerabeak babestu beharra guraso ugariren kezka baita gaur egun", udal iturriek aipatu dutenez. Aita-amei zuzenduta, aholku erabilgarriak eskaintzen ditu aldizkariak, tartean gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketa bultzatzekoak. Horretaz gain, informazio konfidentziala ematea saihestu eta itxuraren aurrean mesfidatiak izatera bideratu nahi ditu internautak. Gainera, adingabeentzako gomendioen artean, loturak ez sakatzea, artxibo ezezagunak ez irekitzea eta pertsona ezezagunekin ez hitz egitea ere aholkatzen dute tokiko arduradunek. Azkenik, ziber-erasoen berri ematen du "Seme-alabak" aldizkariaren iraileko aleak; baita gaiari buruzko liburu bat eta eduki egokiak dituzten hainbat webgune (
www.chaval.es,
www.pantallasamigas.es) gomendatu ere. Argazkia: © Getxo.net.