Aldapabarrena kalean dago gaztegune berria, skate parkearen ondoan, eta Pinosoloko zonaldean; hau da, igerileku irekien parean eta etorkizun batean kiroldegi berriak beteko duen lurzoruaren alboan. Gaztelekuaren banaketa egiterakoan ondokoa izan dute kontutan: ekintza zaratatsuak eta lasaiagoak egiten diren guneak banatzea. Horretaz gain, aretoa zatika ireki daiteke, erabilera eta ordutegien arabera. Zehazki, besteengandik bereizi daitekeen gunea “zaratatsua” da. Erabilera anitzeko gela, elkarteen bilerak egiteko gela eta nagusientzako gela hartzen ditu horrek. Udal arduradunek azaldu dutenez, "esfortzu berezia" egin da isolamendu akustikoan lokalaren goiko aldean bizi diren leioaztarrei eragozpenik ez sortzeko.
Gazteen iritzia kontutan
Bestalde, Gaztegunea diseinatzerakoan "Leioako gazteen iritzia oso kontutan izan dutela" diote tokiko agintariek, "eurek izango direlako erabiltzaile bakarrak". Horretarako hainbat galdeketa eta informazio kanpaina egin izan dira. "Laburbilduz, Aterpe Leioa Gaztegunea jolaserako eta elkartzeko gunea da; lagunak egin, lehiaketetan, ikastaroetan zein tailerretan parte hartu, eta aisialdiko ekintza pilo bat burutuz gain ikasteko aukera ere ematen duena", amaitu dutenez.