"Erandio Bekoko EAJren Uri Buru Batzarrak egindako eskakizuna betez", ondoko deialdia zabaldu du tokiko udal prentsa bulegoak: bihar, ostirala, irailak 24, Altzagako batzoki berriaren inaugurazio ekitaldia egingo dute. Ordua 19:30ean jarri dute. Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko lehendakariarekin batera, Erandio eta Txorierriko erakunde publikoetako zen alderdiko hainbat ordezkari batuko dira Jado kaleko 15. zenbakiko egoitzan. Altzagako jelkideen aurreko batzokia eraikin berean kokatuta zegoen; 10. zenbakidun atariko lehenengo pisuan, hain zuzen ere. Hori dela eta, Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaileak
Altzagako batzokiaren mesedetan jokatzea egotzi zion EAJk zuzentzen duen udal gobernu taldeari, ekainean. Popularrak azaldu zuenez, orduan EAJk taberna-jatetxe moduan jarduteko lizentzia bat bazeukan Jado kaleko 10. zenbakiko eraikinaren lehenengo solairuan eta, Ruizen arabera, taberna-jatetxe jarduera lehenengo solairutik eraikin bereko behe-solairura mugitzeko eskaera aurkeztu zuten jelkideek. "Baina, udal arautegiak argi esaten du ezinezkoa dela ostalaritza jarduera berriak jartzea lokalen arteko distantzia minimoa 30 metrokoa ez bada", salatu zuenez. Argazkian, Andoni Ortuzar Izaskun Bilbaok lagunduta aurreko agerraldi batean.