Osakidetzak egindako berrantolaketaren ostean, urriaren 1etik aurrera ateak itxiko ditu gauez Gorlizko Etengabeko Atentzio Guneak (EAG). Hala ere, ez dirudi Emma Calzada tokiko alkateari laket zaionik larunbat honetarako deitutako protesta. Hitzordua 13:00etan jarri dute udaletxe aurrean. Egia da larrialdietako zentroa ez dutela itxiko, tokiz aldatu baizik. Gorlizko ospitaletik kendu eta udalerriko osasun zentrora eramango dute, Jose Antonio Agirre plazara. Baina, murrizketa nabarmena izango da zerbitzuan. Egun, arratsaldez zein gauez (17:00-08:00) egoten da zabalik astegunetan (ostiraletik larunbatera 17:00etatik 09:00etara); 14:00etatik aurrera larunbatetan; eta 24 orduz igande eta jaiegunetan. Urriaren 1etik aurrera, ordea, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 24:00etara zabalduko dute; eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 08:00etatik 24:00etara. Argazkian, Gorlizko erietxetik kenduko dute Etengabeko Atentzio Gunea / cc-by Javier Mediavilla.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!