Ohiana Goenaga artistaren "Argi paisaiak" izeneko erakusketa egongo da ikusgai
Kultur Leioan, urriaren 31ra bitartean. Gaur, osteguna, hasiera emango diote erakustaldiari arratsaldeko zortzietan. Erakusketan artista gasteiztarraren azken lanak ikusteko aukera egongo da. Horietan, portzelanaren propietate zeharrargitsua nabarmentzen da. "Argiak gugan daukan eragina zalantzan jartzen da. Bera protagonista gisa, dena eraiki eta denari bizia ematen diona. Izan ere, izaki bizidun guztietan nahitaezkoa da argiaren eta iluntasunaren arteko zikloa, biak ala biak beharrezkoak baitira hasiera eta amaiera baterako", adierazi du Goenagak berak. Artelanak astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara; eta larunbat, igande eta jaiegunetan, goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara egongo dira ikusgai Kultur Leioako erakusketa aretoan. Sarrera doakoa izango da. Argazkian, erakusketaren obretako bat / © Kultur Leioa.