Estatutu berriek jasotzen dituzten berrikuntzen artean, honakoak aipa daitezke:
- Unibertsitateko Klaustroaren eta Gobernu Kontseiluaren osaketa berria. Klaustroan, unibertsitateko kideen ordezkaritza organo gorenean, klaustrokideen kopurua 303tik 243ra murriztuko da; kide horietariko hiruk, errektoreak, idazkariak eta gerenteak, kargudun kideak izaten jarraituko dute. Gobernu Kontseilua, unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ezarri eta garatzen dituena, handituko da, lehen ordezkaturik ez zeuden talde eta egiturak sartu ahal izateko. Guztira 47 kide izango ditu.
- Errektorearen hautaketan, aurreko araudian, hautagai bakarra balego, hautagai bakar hori errektore irtengo zen baldin eta emandako baliozko botoetatik kontrako baino aldeko boto gehiago biltzen bazituen. Oraingoan ezin izango zaio kontrako botoa eman hautagaiari, boto zuriak edo aldekoak soilik izango dira posible. Errektore irtengo da, baliozko botoetatik aldekoak heren bat baino gehiago badira.
- Estatutuak aldatzea erraztu da, gehiengoak kalkulatuko dira etorri diren kideen eta ez, orain arte bezala, klaustrokide guztien arabera.
- Estatutuen beste berrikuntza batzuk hauek dira: unibertsitateko kide guztiei dagozkien eskubide eta betebehar komunak sartzen dituzte; ikasleen ordezkaritza organoak gehiago aitortu eta ikasleen araudi bat aurreikusten dute; irakasle eta ikertzaile figura berriak arautzen dituzte; Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuak Administrazio eta Zerbitzuetako langileengan duen eragina jasotzen dute. Halaber, Aldezlearen, hau da, EHUko arartekoaren arautzea aldatu dute hautaketa errazteko, behar duen adostasun zabala alde batera utzi gabe; EHUren nazioarteko hedakuntzari arreta berezia eskaintzen diote; etorkizunean sor daitezkeen doktorego eskolak aurreikusten dituzte eta pertsona bakarreko organoak irakasle eta ikertzaile iraunkorren esku egon daitezkeela eta ez, orain arte bezala, katedradun edo unibertsitateko titularren esku ezartzen dute.