Mende erdia igaro da, Estatuek zapalkuntza areagotu eta PNV herri honen interesei uko egiten ari zela ikusirik, apaltasunez baina konbentzimenduz herri honetako gazteriak askatuko gaituen independentzia eta sozialismoaren alde eskuetan zituzten bitarteko guztiak erabiltzera beharturik egon zenetik. Mende erdi honetan, etsaiak argi utzi du zein den bere eskaintza: ukazioa eta errepresioa.
Eta larrutik ordainarazi digute gure askatasun nahia. Asko izan dira kalean, espetxean, ihesean eta sasian bizitza galdu duten kide, lagun eta senideak. Baina gure herriak bizirik jarraitzen duen bitartean, bidean galdu ditugunen sua ez da itzaliko eta eraikitzen ari garen biharko Euskal Herri askearen historia liburuetan, zuen izenak hizki larriz idatziko ditugu. Maite zaituztegu! Eta aurrera egiteko ordua heldu zaigu.
Mende erdiko borrokaren fruituak jasotzeko garaia dugu. Ezker abertzaleak, askatasuna erdiesteko estrategia mahai gainean jarri du. 50 urteko borrokak garaipenaren ateak parez pare zabaldu ditu, eta guri dagokigu zazpi itsasoak zeharkatu eta itsasontzia portura eramateko erantzukizuna hartzea.
Bizi dugun egoera antidemokratikoarekin amaitu eta benetako demokrazia ezartzea dagokigu momentu historiko honetan. Herriak hitza hartu eta dagozkigun eskubideak eskuratzeko garaia da. Inork ez digu ezer oparituko. Ezin gara itxaroten gelditu. Erasoen aurrean herri harresia eraiki eta errepresioari ateak itxi behar dizkiogu. Bada garaia herri honek independentziaren aldeko indarrak bildu eta askatasunaren atea zeharkatzeko.
Norabide horretan gazteok badugu zer esana eta zer egina. Historiaren irakaspenek erakutsi diguten bezala, gazteok gara aldaketaren eta iraultzaren motorra. Euskal Herriaren askatasuna ez dugu egun batetik bestera eskuratuko, ez digu inork oparituko esan bezala. Herri hau egunez egun eraiki beharra dago eta gazteok konbentzimendu osoz dihardugu lanean, bakoitzak bere apurra emanez. Badakigu eta borrokak ekarri gaituela hona eta etorkizuna ere borrokaz irabaziko dugula.
Gu gara herri honen oraina eta etorkizuna. Lekukoa hartu eta bagoaz askatasunera, independentzia eta sozialismora! Ekin diezaiogun lanari!
Agur eta ohore eusko gudariak!
Gora Euskal Herria aske eta sozialista!