Metro zerbitzua eten egin dute gizon bat trenbidera erori delako Abandon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 24a, 19:19

Arratsaldeko 15:00ak aldera, garraio zerbitzua 40 minutuz gelditu behar izan dute Metro Bilbao enpresako arduradunek, Abandoko geltokian bidaiari bat trenbidera erori eta konorterik gabe gelditu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak Europa Press albiste agentzia espainolari adierazi dionez, ondoezik zegoen bidaiari bat metrotik jaitsi da Abandoko geltokian eta trenbidera erori da. Pertsona horrek kolpe handia hartu du buruan erorikoaren ondorioz eta konortea galdu du. Anbulantzia batek artatu du ezbeharra izan duen lekuan bertan. Metroko arduradunek jakitera eman dutenez, 40 minutuz zerbitzua gelditu behar izan dute, eta metroak atzerapenarekin ibili dira ezbeharraren ondorioz. Bestalde, 14:15 aldera, Areetako Zugatzarte inguruko etxebizitza-eraikina hustu behar izan du Ertzaintzak, bertan sua piztu delako. Artatzako suhiltzaileek amatatu dute sutea. Gutxienez, pertsona bat artatu behar izan dute, kea arnastu duelako, "El Correo Español" egunkariko edizio digitalak zabaldu duenez. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun