Erika Bilbaoren atxiloketa eta
horrek pairatutako torturak salatzen zuen panel bat jartzeagatik goizean
atxilotutako bi gazteak bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez (mp3), oraingoz Erandio Landako Ertzain-hirian dituzte Asier Izquierdo eta Oier Bidaurrazaga. Abokatua haiekin izan da eta egoera onean daudela baieztatu du, halere komisarian gaua pasa dezaten hartutako erabakia kritikatu du. Adierazpenak Etxeraten ohiko azken ostiraleko elkarretaratzean egin dituzte, Ertzaintzak eragotzi baitu gaur Leioan deituta zegoen tortura salatzeko manifestazioa. Hogei bat ertzainek, Brigada Higikorrekoak zein arruntak, kargatzeko mehatxua egin diete birritan Boulevard-ean agertu diren 100 auzokideei eta haietako bi identifikatu dituzte. Gainera, "Torturarik ez! Erika torturatua!" zioen pankarta eskuetatik kendu eta eraman dute (argazkian), "ilegala" dela argudiatuta. Halere, AAMk datorren ostiralerako deitu du berriro torturaren, jazarpenaren eta eskubide murrizketaren aurkako manifestazioa. Bestalde, eskualdean zehar dozenaka lagun gehiago atera dira euskal preso politikoen eskubideen alde.