Gaua Erandio Landako Ertzain-hirian igaro ostean, gaur goizean Getxoko epaitegitik pasa eta libre utzi dituzte
atzo Leioan atxilotutako Asier Izquierdo eta Oier Bidaurrazaga, beraien kontrako ekinbide judizialak aurrera jarraitzen duten arren.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) "goitik behera" gezurtatu du Ertzaintzaren bertsioa. "Bi herritarrak
tortura testigantzak jasotzen zituen panel bat jartzen ari ziren eta inongo unetan ez zen euskal preso politikoen argazkirik egon. Bestalde, gezurra da gazteak Ertzaintzari oldartu zitzaizkiela. Jende pila bat zegoen kalean ordu horretan eta gertaturikoaren lekuko asko daude", azaldu du errepresioaren kontrako mugimenduak. Libre gelditu direnean Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri dute bi gazteek, "legez kanpoko atxiloketa" jasan dutelakoan. Argazkian, atzo Leioan jarritako pankarta.