Ezker abertzalea, Aralar, EA, AB, Alternatiba, sindikatuak eta hainbat gizarte erakundek eskatutako behin betiko su-eten egiaztagarria iragartzeko "pausoa emateko borondatea" duela esan du ETAk, "baita urrutiago joateko ere, horretarako beharrezkoak diren baldintzak bete ezkero". "Gara" egunkariak bi ETAko kideri egindako elkarrizketan, "helburua gatazka politikoari konponbide demokratiko bat bilatzea" dela esaten dute, "zauria betirako itxi behar da eta horrek denon erantzukizuna eskatzen du". Elkarrizketa hori eragile ugarik larunbat honetan irteera baketsu bat bilatzeko idatzia aurkeztu aurretik egin dute. Bertan, ETAko kideek prozesua "bideragarria izateko" beharrekoak diren baldintzak aipatzen dituzte: "Eragile guztiak baldintza berdinetan aritu ahal izateko beharrezko neurriak hartzea, eskubide zibil eta politikoak ezarri daitezela, euskal preso politikoei jarritako zigor gehigarriak baliorik gabe uztea eta, orokorrean, presio, esku-sartze eta indarkeria egoera desaktibatzea".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!