Kontakizun guztiak www.kontalaria.com webgunean ikusi ahal izango dira, eta batzuk EiTB taldeko kanaletan ere emango dituzte. Halaber, 20 udalerrietan ibilbidea bukatzen denean, abenduaren 3an, kontakizunak argitaratu, editatu eta ipuin kolektiboko forma emango zaie. Bestalde, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak azaldu du "Kontalaria" proiektua "oinarrizko bi estrategiari" erantzuna eman nahi diela: "alde batetik, herritarrei adierazpen tresna bat ematea lengoaia ludikoa eta normalizatua bultzatuz; eta bestetik, eguneroko espazio publikoetara hurbiltzea kalearekiko ekintza zuzenaren bidez". Azkenik, Fran Lasuenek hartu du hitza eta egitasmoaren nondik norako guztiak zehatz-mehatz azaldu ditu. "Ilusioz eta indarrez" ekingo dio egitasmoari eta espero du herritarrek ere gogoz erantzutea: "Euskara bultzatzeaz gain, argi dago gozatzeko eta ondo pasatzeko proiektua dela 'Kontalaria', beraz herritar guztiak animatu nahi ditut bertan parte hartzera".
Blanca Urgellek hasita
Prentsaurrekoa amaitu ostean, kamioia, hau da, ipuinak kontatzeko espazioa bisitatu ahal izan dute kazetariek eta bertan Blanca Urgell sailburuak hasiera eman dio proiektuari ipuin baten hasieraren kontakizunarekin:
"Bazen behin neskato nigeriar bat Mercy izena zuena, bere amarekin Euskadira etorri zena. Egun batean iritsi zen eskolara lehenengoz joan beharra. Eskolakideak agurtzen zituen, baina ez zuten elkar ulertzen. Mercyk yorubaz hitz egiten zuen, bere kideek ulertzen ez zuen hizkuntza batean.
Kezkatu egin zen. Eta horrela kezkatuta sartu zen ikasgelan, pentsa eta pentsa nola lortuko zuen lagunekin komunikatzea. Andereñoa sartu baina lehenago eseri zen bere tokian, eta hara non aurkitzen duen mahaian liburu bat, liburu magiko bat. Liburua ireki eta... hantxe ipuinaren hasiera!".