Egoitz Gurrutxagari Basurtun (Bilbo) eztanda egin zion kotxean zeraman bonbak, 2002ko irailaren 23an, 28 urte zituela. Berarekin zihoan ETAko kidea ere omen zen Hodei Galarraga zaldibiarra. Beraz, ostegunean bete ziren zortzi urte gertaera hartatik. Igor Angulo Cuencako espetxeko ziegan hilik aurkitu zuten 2006ko otsailaren 27an. Arte Ederretako eta Lan Harremanetako ikasle ziren, hurrenez hurren.
Goizean ekitaldian irakurritako oharra:
Beste urte batez ere iritsi zaigu Gudari Eguna. Aurtengoan, testuinguru berezi batean datorkigu gainera. Gehiengo abertzaleak prozesu demokratikoa martxan jartzeko harturiko konpromisoak eta erakundearen adierazpenak, aukera politiko berriak irekitzen dituzte euskal jendartean.
Duela 35 urte hil zituzten Txiki eta Otaegi euskal militanteak FRAPeko beste hiru kiderekin batera. 8 urte igaro dira jadanik unibertsitate honetako Arte Ederren fakultateko Egoitz Gurrutxaga borrokan erori zenetik. Eta lau urte berriz, Igor Angulo Lan Harremanen fakultateko ikasle zena espetxe politikak erail zuenetik. Eta nola ahaztu, aurtengo martxoan, hilabete luzeetako egon ezinaren ondoren Jon Anzaren gorpua Toulouseko beilatokian zegoela jakin genuela. Hiruek zuten dena eman zuten denok horrenbeste maite dugun herri honen askatasunaren aldeko gudan, baina bi estatu terroristek emaniko ordaina, heriotza izan zen.
Harrezkero, hainbat belaunaldi gehitu gara Euskal Herriaren aldeko borrokara, oztopoak oztopo, bidean geratu diren gudariak eredu hartu eta geuk ere ahal dugun guztia eman asmoz. Baina larrutik ordainarazten digute gure askatasun nahia, asko baitira, kalean, espetxean, ihesean eta sasian bizitza galdu duten kide, lagun eta senideak.
Baina hasieran aipatu gisan, testuinguru berezian dator aurtengo gudari eguna. Omendu ditzagun euren aldeko manifestazio, ekimen eta ekitaldiekin guztiak eta jo dezagun harago. Omenaldirik onena garaipena den ideiari inoiz baino tinkoago eutsi eta eskubide zibilen eta politikoen aldeko fronte zabala artikulatzea dagokigu.
Bidea luzea eta zailtasunez betea izango da, baina lanean jarraituz, gertuago izango dugu, Egoitzek, Igorrek, Jonek eta gainerako eusko gudari guztiek, egia bihurtu nahian bizitza eskaini zioten ametsa, jo ta ke beraz, Euskal Herri aske eta sozialista lortu arte.