Urritik maiatzera arte, astero ordu batez, bertsolaritzako irakasle bat joango da gelara. Hamabi sekuentzia didaktiko berritan banatutako bertso liburua eskuartean, euskara, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak (jendaurrekotasuna, autoestimua, elkarkidetza...) landuko dituzte ikasleek. Aurten, gainera, bi urterik behin ospatzen den Bizkaiko Txapelketaren jarraipena egingo dute gelan bertan.
Jarduera osagarriak
Klaseko eguneroko lanaz gain, hainbat jarduera osagarri ere izango dituzte ikasleek ikasturtean zehar. Batetik, bertso saioak antolatuko dituzte, bertsolariekin bertatik bertara egonik eta beraien lana aurrez aurre ikusita, ikasleen bertsotarako motibazioa areagotzen baita. Bestetik, irrati saioa prestatuko dute ikasleek. Bizkaia Irratiarekin lankidetzan "Zortziko Txikia" irrati saioa grabatuko dute, astero astero, azaroan hasi eta maiatzera bitartean. Aste bakoitzean ikastetxe batek parte hartuko du, gelan egindako lana uhinen bidez zabalduz. Bertso Kantaldiak ere antolatuko dituzte, gitarra jole baten laguntzarekin, ikasturte hasieratik ikasitako bertso eta kantak abesteko eta kanta-zaletasuna zabaltzeko asmoz. Eta azkenik, "Bilbertsoak" izeneko bilduma osatuko dute. Ikasturte osoko lanaren erakusleiho txikia izango da hori, ikastetxe guztietan gelaz gela batutako lanekin argitaratzen den liburuxka.