Iluntzean salatuko dituzte Gabi Basañez eta beste sei lagunen atxiloketak Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 28a, 13:28

Espainiako Poliziak Gabi Basañez algortarra atxilotu du gaur goizaldean Getxoko bere etxean. Operazioan beste sei lagun atxilotu dituzte Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan. Atxilotuen etxebizitzak ez ezik, poliziak lokal bat ere miatzen ari dira, Iruñean, albiste agentzia espainolek zabaldu dutenez. Operazioa Pablo Ruzek agindu du, hots, Auzitegi Nazionalean Baltasar Garzon ordezkatu duen epaileak. Askapena erakundeko kide izatea eta, horretara, “ETAren nazioarteko frontea” osatzea leporatzen diete guztiei. Gaur iluntzean mobilizazioa egingo dute Algortan, Basañezen eta gainontzeko sei euskal herritarren atxiloketak salatzeko. Hitzordua 20:00etan jarri dute Telletxen. Argazkian, Gabi Basañez bertso saio batean.

Atxiloketak Barakaldon (bi), Getxon, Irunen, Gasteizen, Iruñean eta Arruazun (Nafarroa) egin dituzte. "Erakunde armatuko kide izatea" egozten diete atzemandakoei. Hain zuzen ere, Gasteizen Walter Wendellin eta Ruben Sanchez atxilotu dituzte. Wendellin martxoan atzeman zuten Venezuelan. Ondoren Frantziara kanporatu zuten, baina han aske geratu zen. Getxon Gabi Basañez algortarra atzeman dute, Barakaldon Unai Vazquez eta Itsaso Legorburu, eta Nafarroan David Soto eta Haritz Ganboa.

Albiste agentzia espainolen arabera, denek Europako, Erdialdeko Amerikako eta Hegoamerikako hainbat herrialderekin egiten zuten lan, "ETAren kausaren alde" babesak jasotzen, beste mugimendu batzuekiko harremanak sustatzen eta ihes egin duten ETAko kideentzat "bozgorailu lanak" egiten. Bestalde, Eitb.com-en arabera, operazio honekin, ETAk eta Latinoamerikako beste hainbat erakundek (FARC tartean) ustez dituzten harremanei buruzko xehetasunak lortzea espero du Espainiako Poliziak.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:

Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimendutik ezer baino lehen gure babesa eta elkartasuna azaldu nahi dizkiegu atxilotuak izan diren herritarrei eta hauen senideei. Atxilotuak inkomunikatuak aurkitzen dira une honetan, eta beste behin ere torturaren aurkako alarma guztiak piztera garamatza inkomunikazio egoerak.

Gaur atxilotuak izan diren euskal herritarrak ere aski ezagunak dira, beraiek egindako lana erabat gardena eta publikoa izan delarik azken urteotan. Internazionalismoa lantzeaz gain euskalgintzan, herriko jaien antolaketan, bertsogintzan edo gazte mugimenduan lanean aritu izan dira urte askoan.

Ukatuak dauden herrien arteko elkartasuna bi norabidetan landu izan du Askapenak azken urteotan. Mundutik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura. Honela, munduko hamaika txokotan gure herriak bizi duen zapalkuntza eta errepresio egoeraren berri ematen aritu da, besteak beste udan antolatu ohi dituen brigaden bidez, munduko txoko askotan sortu diren Elkartasun komiteak lagunduz e.a. Modu berean munduko hamaika txokotara iritsi da Euskal Herritik elkartasuna askapenaren bidez, besteak beste Irlandara, Venezuelara, Kubara, Boliviara, Argentinara, Uruguaira, Mexikora, Kolonbiara, Ekuadorrera edo Palestinara. Milaka izan dira azken bi hamarkadetan Askapenak antolatu dituen nazioarteko brigadetan parte hartu izan duten euskal herritarrak. Aipatzeko da adibidez, uda honetan bertan beste hainbat mugimendurekin batera Palestinan egin duen lan eskerga, Euskal Herriko hamaika eremutan lan egiten duten herritarrak bertara eramanez, herrien arteko senidetzeak bultzatuz e.a.

Espainiako Gobernuak beti ikusi du begi txarrez berak herri honetan ezarri duen salbuespen egoeraren berri kanpoan ematea. Munduaren aurrean demokraziaren etiketa erakusten saiatzen da Espainia, eta Euskal Herriko bestelako errealitatea erakusten dutenen aurkako jazarpena etengabe erabili du urteotan. Hamar urte igaro dira antzeko polizia operazio baten lekuko izan giñenetik, eta urteotan eremu honetan lanean aritu diren herritarrek bizi izan duten jazarpena etengabe izan da, bai Euskal Herrian bertan, bai nazioartean.

Euskal Herrian demokrazia egoera batera iristeko urrats sendoak ematen ari dira azken hilabeteotan. Tartean garrantzitsua izaten ari da nazioarteko ospe handiko erakunde eta norbanakoen eskuhartzea ere. Gure herritik mundura eraiki diren zubiak bota nahi dituzte, Euskal Herria politikoki isolatuz, hemengo errealitate ikustezin bilakatuz, eta honela hemen ezarri duten errepresio egoera mantenduz eta areagotuz. Euskal Herrian egiten den lanaz gain beharrezko da Nazioartearen inplikazioa Euskal Herrian abian den prozesu politikoak demokrazia egoera batetara eraman gaitzan. Bai hemen, eta bai kanpoan hamaika oztopo jarriko dizkigute lan politikoa egiteko, antzeko operazio gehiago etorrik direla aurre ikusi dezakegu, baina gure aldetik dei egiten dugun aurrera egiteko, demokraziaren bidean indarrak batu eta lanean jarraitzeko.

Errepresioaren aurrean jarrera tinkoa mantentzea beharrezkoa izango da, eta azken polizia operazioari kalean erantzuteko deia egin nahi dugu. Gaur atxilotuen herrietan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Bidez batez, datorren larunbatean Bilbon burutuko den manifestaldira modu masibo batean joaten deia luzatzen diegu herritarrei.

Aski da!
Errepresioari stop!
Espainiako Auzitegi Nazionalari stop!
Euskal Herriak askatasuna behar du!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun