Espainiako Poliziak
Gabi Basañez algortarra eta beste sei euskal herritar atxilotu ditu gaur goizaldean,
Askapenaren kontrako operazioan. "ETAren nazioarteko aparatuaren kideak izatea" leporatzen die Pablo Ruzek, Auzitegi Nazionalean Baltasar Garzon ordezkatu duen epaileak. Horren aurrean, Sopelako ezker abertzaleak atxiloketak gogor salatu ditu eta Algortan egingo den manifestazioan (20:00etan, Telletxen) parte hartzeko deia luzatu du. Besteak beste,
Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez, "Gabi Sopelan oso ezaguna da eta Sopelarekin lotura handia du. Herrian euskalgintzaren arloan lan handia egin du eta ikastolako aita ere bada". Bestalde, Basañezek aipatu webgunearen kolaboratzailea da eta "Sopela aste on!" atalean bere ekarpenak eta gogoetak zabaldu ditu. Hori dela eta, bere askatasuna eskatu du Sopela.net-ek. Argazkian, aurreko atxiloketa batzuk salatzeko manifestazioa Algortan.