Pasa den asteazkenean gertatu bezala, hainbat ezezagunek balinez tiro egin dute gaur arratsaldean Algortako alkartetxearen inguruetan. Erasoa arratsaldeko 14:45ak aldera izan da, EAk Tellagorri plazan duen egoitzaren ondo-ondoan, Ugartena tabernaren kanpoaldean. Frankotiratzaileek gutxienez lau balin bota dituzte, berunezkoak eta 4,5 milimetrokoak, Ertzaintzak atzeman dituenak. Balinetako batek emakume bat jo egin du hanka baten atzekaldean, jatetxeko menua irakurtzen egon denean, baina ez dio ezer larririk eragin. Metro gutxira, berriz, haurtxo bat egon da, kalterik jaso ez duena. Pasa den asteko ertzainek ez bezala, gaur azaldutako poliziek serio demonio hartu dute kontua eta balizko traiektoriak aztertzeari ekin diote. Horien, biktimaren eta EAko zaleen arabera, litekeena da inguruko eraikin batetik tiro egin izana. Argazkian, Algortako alkartetxearen artxiboko irudia.