Fredi Paya: "Reding efektua"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 29a, 01:02

[© Fredi Paya - Berria.info] Erdi Aroan sorgin, ijito eta juduei leporatzen zieten uzten galera. Baserria utzi eta pisua erosi genuenez, modernoak garela uste dugu. Baina azken asteotan Frantzian ikusi duguna Erdi Aroko eskema mentalen aplikazio modernoa baino ez da. Krisien eragileek, boteredunek, gutxiengo etniko ahulenak erabili izan dituzte mendeetan euren ardura zuritzeko. Masak, norbanakoaren inteligentzia interes komunaren izenean anulatzen duen demokraziaren zutarriak, txalotu ohi ditu halako erabakiak. Azkenean, modernitatea hori izango da, betiko gauza bera bitarteko teknologiko berriekin egitea. Argazkian, Sarkozyren kartel bat / cc-by-sa Smudie.

Nire arreta, ostera, Viviane Redingen inguruan eratu den polemikak erakarri du. Izan ere, salaketak neutralizatzeko sarri ikusi dudan estrategia bera erabili dute bere aurka, gaurtik aurrera Reding efektua deituko diodana.

Viviane Reding-ek ijitoen kanporaketa masiboa salatu zuen, kanporatze irizpidea ez baitzen delitugileak zigortzea. Eliseoak poliziari emandako aginduak argitu lez, helburua etnia jakin bateko norbanakoak landetaratzea zen. Tradizionalki naziena bezain ohitura frantziarra dena, bestalde.

Sarkozyk arin egin zuen kontraerasoa. Tonua, formak, aukeratutako unea... guztia txarto egin omen zuen Redingek, hedabideetan gatazkaren fokua aldatu zuten eta europar gobernuburuek salatzailea bihurtu zuten arazo, salatutakoa ezkutatuz. Boteredunen aurkako (eta botere harremanak mila dira, familia eta ingurukoengandik hasita) salaketa ahots ausart bakarrak egiten duenean, energia asko kontsumitzen da, tentsio handia sentitzen da. Ostean distentsioa dator eta une horretan ideologikoki ahulak gara. Txiki sentitzen zara, hutsik eta salatuaren kontraerasoak tsunamia legez jotzen zaitu. Errudun sentitzen hasi zara: txarto adierazi naiz, tonua zaindu behar dut, ez zen unea...

Halakoetan erradikala izan behar da, arazoaren muinera jo. Kasurik gehienetan, tonuz kanpoko salaketa inpunitatez egindako injustiziak eragindako inpotentziaren alaba da.

Erreakzio logikoa eta salatua den gertakizunak salatzaileari eragin dion arduraren neurgailu.

Hobe dugu tonuz kanpoko gizarte justuago bat komentuetako marmarrean bizi den ohian hau baino.

Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun