Gabi Basañezen egoeraz kezkatuta agertu da Algortako Bertsolari Eskola

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 29a, 11:10

Gabi Basañez bertsolari, musikari eta bertso eskolako kidearen atxiloketaren aurrean bere "kezka eta egonezina" adierazi du Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE). "Izan ere, atxilotuta dagoen bitartean jaso lezakeen tratuak izugarri arduratzen gaitu", adierazi dute prentsa ohar bidez. Basañezek bertsolari eskolan zein euskalgintzako elkarte ugaritan bertsolaritzaren eta euskararen alde egindako lan nekaezina azpimarratu dute ALBEko kideek. "Bere arma bakarrak pazientzia, irribarrea, lan konstantea, konpromisoa, bertsoak eta musika tresnak izan dira urte hauetan guztietan", gaineratu dutenez. Gauzak horrela, eraginkortasunik eduki lezaketen norbanako zein erakunde guztiei dei egin diete "atxilotuen eskubideak errespetatuak izan daitezen euren esku dagoen guztia egin dezaten". Senitartekoei, berriz, "besarkadarik beroena eta elkartasun osoa" helarazi diete. "Hasiera iluna izan duen bertso honek azken puntu zoriontsua izan dezan espero dugu", amaitu dute ALBEkoek; atxilotutako algortarrari "mosu bet" helaraziz. Argazkian, Gabi Basañez, ezkerrean, aurtengo Uribe Kostako bertsolari txapelketaren bigarren kanporaketan, Itzubaltzeta gaztetxean.

Algortako Bertsolari Eskolaren prentsa oharra:

ALBEk (Algortako Bertsolari Eskolak) prentsa ohar honen bidez bere kezka eta egonezina adierazi gura du Gabi Basañez bertsolari, musikari eta bertso eskolako kidearen atxiloketaren aurrean. Izan ere, atxilotuta dagoen bitartean jaso lezakeen tratuak izugarri arduratzen gaitu.

Azpimarratu gura genuke Gabik bertsolari eskolan zein euskalgintzako elkarte ugaritan bertsolaritzaren eta euskararen alde egindako lan nekaezina. Bere arma bakarrak pazientzia, irribarrea, lan konstantea, konpromisoa, bertsoak eta musika tresnak izan dira urte hauetan guztietan.

Eraginkortasunik eduki lezaketen norbanako zein erakunde guztiei dei egiten diegu atxilotuen eskubideak errespetatuak izan daitezen euren esku dagoen guztia egin dezaten. Besarkadarik beroena eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu senitartekoei.

Hasiera iluna izan duen bertso honek azken puntu zoriontsua izan dezan espero dugu.

Mosu bet Gabi!

Algortako Bertsolari Eskolako Zuzendaritza Batzordea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun