Hamar orduko batzarraren ostean, egungo lan-hitzarmena 2011ko abenduaren 31ra arte luzatzea onartu zuen atzo Metro Bilbaoko zuzendaritzak. Halaber, "gerrikoa estutzeko" asmoz, zuzendaritzako kideen soldata %5 murriztuko du garraio enpresak. Izan ere, lansarietan gastu publikoari eusteko horrenbesteko murrizketa egitea agintzen du Eusko Jaurlaritzak ekainean onartutako legeak. Trukean, "lantaldea izozteri" oniritzia eman ei zioten beharginek ordezkariek; trenak Arizera (Basauri) heldu arte, langile kopuru berberarekin jarraitzea, alegia. Hortaz, kanporatutako aldi baterako lau langileak ez dituzte oraindik berriro hartuko. Lan-poltsa osatuko dute eta sindikatuek eurek erabakiko omen dute, txandaka bada ere, horiek noiz lan egingo duten. Horiek langabezian ahalik eta denbora gutxien ematea da asmoa.
Hala ere, ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek euren bazkideekin eztabaidatu beharko dute orain hitzarmenari baietza ematen dioten ala ez. Azken erantzuna ostiralean, urriak 1, 11:00ak baino lehen eman beharko dute.