Atzo
Gabi Basañez algortarraren kasuan aipatu bezala, gaur baieztatu du
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AMM), atxiloaldiak iraun bitartean hainbat neurri hartzea erabaki duela Pablo Ruz epaileak. Abokatuen eskaerari men eginez, atxilotuek aldiro konfiantzazko medikuarekin egoteko aukera izango dute, senideei atxilotuak non dauden eta nola dauden esango zaie, eta atxiloaldia bideo kameraz grabatuko da. Hala ere, AAMk ohartarazi du "neurri hauek ez direla nahikoak tortura ekiditeko". "Aurrez antzeko neurriak aplikatu izan zaizkien atxilotuek torturatuak izan direla salatu dute behin baino gehiagotan. Bestetik, atxilotuak izan eta neurri hauek aplikatuak izan zaizkien atxilotuen abokatuek ez dute oraindik inoiz lortu atxiloaldiko bideoak ikustea, hamaika aldiz horrela eskatu arren", adierazi du errepresioaren kontrako erakundeak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, "inkomunikazioarekin amaitzea eta atxilotuak berehala epailearen aurrera eramatea dira torturaren amaitzea ekarriko duten neurri bakarrak". Argazkian, manifestazioa atzo Algortan.