Mobilizazioetako irakurgaia:
Azken aste eta hilabeteotako alde bakarreko urrats eta mugimenduek Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konponbidearen atarian jarri dute. Prozesu demokratikoaren aurkako erasoak, baina, ez dira gelditu. Gaur 3 lagun atxilotu ditu guardia zibilak eta atzo Askapeneko 7 kide polizia espainolak. Atxilotuak inkomunikatuak aurkitzen dira une honetan, eta beste behin ere torturaren aurkako alarma guztiak piztera garamatza inkomunikazio egoerak. Aurreko astean bertan, zenbait egun lehenago atxilotutako 9 militante independentisten tortura testigantza latzak ezagutu genituen. Politikariak giza eskubideez eta demokraziaz ahoa betetzen duten bitartean, nazioarteko antolakunde desberdinek ezabatzeko eskatutako inkomunikazioa baliatu zuen Guardia Zibilak 9 euskal herritar torturatu, hauen aurkako egozpenak lortu eta espetxeratzeko.
Aste honetan ere, hautestontzietan herritarren babesa jasotako 22 alkate eta zinegotziren aurkako epaiketak jarraituko du Audientzia Nazionalean Euskal Herriko lehen instituzio nazionala bultzatze hutsagatik.
Errepresioak bere horretan segitzen duela ukaezina da. Debekuak, kargak, atxiloketak, zitazioak, mehatxuak eta muntaia polizialak eguneroko ogia dira egun hauetan. Hauek geroz eta gogorrago kolpatzen gaituen errepresio ankerraren adibide gutxi batzuk besterik ez dira.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren gaineko presioa gero eta handiagoa da: preso gaixoak kartzelan mantentzea, ezkutuko biziarteko zigorra, bakartzea, isolamendua, manipulazio mediatikoa... Espainiar eta Frantziar Estatuak nazioarteko legeria eta eskubide hitzarmen ororen aurka ari dira. Honen aurrean. euskal preso politikoek euren eskubideen defentsan borrokaldian segitzen dute. Udan zehar ere, iaz bezala, errepresaliatu politikoenganako elkartasuna ezabatzen saiatu dira.
Ikasle presoen egoera ere ez da nolanahikoa. Euren eskubideen kontra, Espainiar Estatuan preso dauden kideek debekatuta daukate unibertsitatean ikastea. Bitartean, Frantziar Estatuan ere okerrera doa kontua. Orain arte ikasteko eskubidea onartuta bazuten ere, gaur egun, lortutako emaitza akademikoak ezerezean uzteko mehatxua jaso dute. Horregatik, PATen erronketako bat, EPPKko kideen egoera lazgarria salatzeaz gain, presoen ikasteko eskubidearen aldarrikapena ozen entzunarazi eta gauzak alda daitezen unibertsitatean eta instituzioetan eragitea izango da.
Aurrez ere gerra zikina ondo ezagutzen duen herria da gurea, eta GALen garaietan bezala, kalean, lantegian, unibertsitatean, mobilizazioetan erantzun behar diogu XXI. mendeko gerra zikinari. Jon Anza euskal militantearen erailketa dugu adibiderik hurbilena, eta inoiz baino argiago dugu Jonen erailketa ere espainiar barne ministerioan marrazturiko gerra zikinaren praktikaren ondorioa izan dela, beti ere frantziar gobernuaren konplizitate eta babesarekin.
Euskal Herrian ilusioa zabaltzen ari diren mugimendu desberdinen aurrean, espainiar zein frantziar Estatuen ekarpen bakarra errepresioa da. Zentzu honetan, unibertsitatean errepresioaren aurpegi guztiak salatu eta amnistia eta askatasunaren beharra aldarrikatzen jarraituko dugu aurten ere inoiz baino indar gehiagoz. Bide horretan, eskubide guztien defentsan larunbat honetarako Bilbon deitutako manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatzen diogu unibertsitateko ikasle, irakasle eta langilego guztiari.