Fernando Fernandez Diez Errepelegako (Portugalete) 37 urteko igeltseroa Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute gaur goizaldean, hipotermia sintomak jasaten hasi delako, "El Mundo" egunkariko edizio digitalak adierazi duenez. Leioa eta Erandioko campusean, Irakasleen Unibertsitate Eskola berriaren lanetako garabietako batera igo zen astearte iluntzean gizona, bere egoera ekonomikoaren larritasuna salatzeko. Aipatu obretan lan egiten zuen, kalean utzi zuten arte. Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Hipoteka ordaintzeko epeak ezin zituenez ordaindu, banketxearekin tratua egiten saiatu zen Fernandez. Eskutitz bat baino ez zuen jaso, zeinean azaroaren 22an bere etxea enkantean jarriko zutela esaten zioten, HerriKolore Barakaldoko webgune herrikoiak azaldu duenez. Argazkian, Fernando Fernandez Diez garabi gainean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!