Ostiral honetan, urriak 1, torturaren kontrako manifestazioa egitekoak ziren Leioan. Baina, berriro ere astebete atzeratzea erabaki dute, deitzaileek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez. Hasierako deialdia irailaren 24an zegoen jarrita. Egun horretan
martxa egitea eragotzi zuen Ertzaintzak eta aste bat atzeratzea erabaki zuten. Hogei bat ertzainek, Brigada Higikorrekoak zein arruntak, kargatzeko mehatxua egin zieten birritan Bulebarrean agertu ziren 100 auzokideei eta haietako bi identifikatu zituzten. Gainera, "Torturarik ez! Erika torturatua!" zioen pankarta eskuetatik kendu eta eraman zuten. Atzerapen berririk egon ezean, urriaren 8an egingo dute manifestazioa, 20:00etan Bulebarretik abiatuta. Horren bidez,
irailaren 14an atxilotutako Erika Bilbao erandioztarrak eta gainontzeko zortzi euskal herritarrek egindako tortura salaketak lau haizetara zabaldu nahi dituzte. Argazkian, irailaren 24an manifestazioa egitea eragotzi zuen Ertzaintzak.