Askapenaren kontrako polizia operazioan atxilotutako zazpi euskal herritarretarik bost baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, tartean Gabi Basañez algortarra dela, Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldutakoaren arabera. Aurretik seirentzako kartzela zigorra eskatuta zeukan fiskalak. Itsaso Lekuonari 5.000 euroko bermea ezartzea eskatu du letraduak. Azkenean, Ruben Rolando Sanchezi ere fidantza jartzea ebatzi du epaileak, oraingo honetan 10.000 eurokoa. Hala ere, gainontzekoei bezala, "ETAren nazioarteko aparatua osatzea" leporatzen die biei Ruzek. Uribe Kostako Amnistiaren Amnistiaren Aldeko Mugimenduak arratsaldeko manifestazioa hasi baino lehen jakinarazi du Basañez kartzelatuko zutela. Algortako Telletxe kaletik abiatuta, 135 bat lagunek salatu dute algortarraren espetxeratzea. Biharko ere manifestazioa egiteko baimena eskatu dute, ostiralero bezala Etxeraten elkarretaratzea deituta dagoen arren. Gaur bezala, 20:00etan abiatuko dira Telletxetik. Argazkian, herenegungo manifestazioa Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!