Leioako Merkatarien Elkartearekin duela 10 urte sinatutako akordioa luzatzea erabaki du Udalak. Orain hamarkada bat, udalerriko dendari eta tabernariak batzen hasi zirenean, tokiko merkataritza sarea bultzatzeko elkarlana bideratzea erabaki zuten sinatzaileek. Orain, berriz, helburu horiek mantentzeaz gain, sektorean berrikuntza teknologikoak ezartzea bilatzen dute, udal iturriek adierazi dutenez. Akordioren luzapen horri esker, 18.000 euro jasoko ditu Leioako Merkatarien Elkarteak, 2011ra arte. Horretaz gain, urtero 6.000 euroko laguntza jasoko du teknologia berriak ezarriko dituen komunikazio plana aurrera eramateko. Egitasmo horrekin interes orokorreko edukiak (gizarte gaiak, kulturalak, komertzialak...) ikus-entzunezko euskarrietan eskaintzea bilatzen dute. “Zehazki, udalerriko merkataritza biltzen den guneetan berrikuntza teknologikoak bultzatzea bilatzen da. Horretarako pantailen sarea jarriko da herriko denden erakusleihoetan. Pantaila hauetan merkataritza-zerbitzuak eta produktuak iragarriko dira. Baina, horretaz gain bestelako informazioa ere eskainiko da, adibidez agenda kulturala, gizarte informazioa, edota kirol albisteak”, azaldu dute tokiko arduradunek. Euskarri horren bitartez udal informazioa biztanleriari helarazteko konpromisoa hartu du Leioako Udalak. Argazkian, Merkaleioa 2009.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!