Itzubaltzeta gaztetxearen seigarren urteurrena ospatuko dute astelehenetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 1a, 15:03

Atzo, irailak 30, sei urte bete ziren ehunka gaztek egungo Itzubaltzeta gaztetxea okupatu zutenetik. Aurretik zeukaten izen bereko gaztetxea Ertzaintzak indarrez hustu eta Getxoko Udalak eraitsi eta hiru egunera egin zuten okupazioa. "Ordutik hona, herria irauli, margotu, berpiztu eta berreskuratzeko grinarekin ibili da Itzubaltzetako Gazte Asanblada", IGAko kideek gogoratu dutenez. Hori dela eta, Itzubaltzetako Gazte Asanbladako hainbat kidek atzoko eguna baliatu zuten etzidamu, astelehenarekin, abiatuko dituzten ospakizunak iragartzeko. Izan ere, "Okupazioaz herri kultura bultzatzen" lelopean, igandera arte, urriaren 10era arte, zertaz gozatu izango da Itzubaltzeta / Romon: arte erakusketa, mus eta arrantza lehiaketak, hitzaldiak, abesbatzak, antzerkia, bertsoak, erromeria, euskaraokea, olinpiadak, kantautoreak, kalejira eta kontzertua, besteak beste. Larunbateko emanaldian, Asturiaseko Skama La Rede, Mungialdeko Itziarren Semeak eta Arangoitiko Mortis Causa joko dute.

Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren oharra:

Kaixo!

Bagaude hemen, beste urte batez, seigarren urte batez, gure Gaztetxearen urteurrena ospatzen. Gogora ekarri nahi dugu, egungo Itzubaltzeta gaztetxea, izen hori daukan bigarren gaztetxea dela. Izan ere, sei hilabetez jardun ondoren, 2004ko irailaren 27an Getxoko Udalaren aginduz, Ertzaintzak Santa Eugenia kaleko gaztetxea zena bortxakeriaz hustu zuen. Desalojotik hiru egun igarota, Errekagane kaleko aroztegi zaharra okupatu genuen. Ordutik hona, herria irauli, margotu, berpiztu eta berreskuratzeko grinarekin ibili da Itzubaltzetako Gazte Asanblada.

Urte luze hauetan,asko izan dira bidean topatutako oztopoak. Jakin badakigu zein den gure etsai erraldoia, baina honen aurrean, ez gara kikildu. Asko dira bizi garen sistema kapitalista-patriarkal honek gure aurka erabiltzen dituen tresna zikinak eta gu, gazte kritiko, aktibo eta iraultzaile bezala gure esparru txiki honetatik beti saiatu gara sistema hau ziztatzen, hortzak erakusten. Nahiz eta esparru txikian lan egin, handiak dira gure helburu, nahiak eta beteko diren ametsak.

Bizi garen herriak, txikia izanda ere, emakume gazteon parekotasun falta somatzen du eta horregatik feminismoa da gure hautua. Amalurraren defentsan ere, proiektu txikitzaileei aurre egiten diegu. Indar errepresiboek kolpeak ematen dituztenean, gazteok zutik eta tinko mantentzen gara. Antolatzeko esparru falta dugunez okupaziora jotzen dugu. Asko dira gazteriak pairatzen dituen eskubide urraketak, eta guzti horiek berma daitezen borrokan dihardugu gau eta egun.

Itzubaltzeko Gazte Asanbladak, borroka ugari bereganatu ditu, hala nola, kontsumismo basati eta masiboaren aurka herriko komertzio txikiei bultzada eman eta gure elkartasuna adierazi genien. Etxebizitza duin baten aldeko eskubidea ere borrokatu genuen, izan ere, asko dira etxetik atera nahi eta ezin duten herriko gazteak. Azken urtean, udalaren jarrera ikusita ,kaleak berreskuratzeko beharra ikusi dugu eta gazteok bizi dugun isolamendua, dispertsioa, prekarietatea eta pasibotasunarekin bukatzeko Erromo berpizteko indar metaketa bat burutu dugu. Gazteon arazoak entzun ditugu eta horrekin, lonjen analisi bat burutu dugu, ikusita gure herrian gazte ugari daudela isolatuta euren lonjetan. Ezinbestekoa ikusi dugu, gazteak ohartaraztea eta aktibatzea bizi dugun egoeraren aurrean.

Honekin bukatzeko, gonbitea luzatzen dizuegu guztioi, ostegunero arratsaldeko zortzietan etortzeko gazte asanbladara eta gaztetxeak antolatzen dituen ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

Itzubaltzetako Gazte Asanblada

Itzubaltzeta gaztetxearen VI. urteurreneko egitaraua:

IMG_9657
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun