Seme-alaba txikien eskola-gastuak ordaintzen laguntzeko, Getxoko Udalak 124.770 euro banatuko ditu udalerriko familien artean, 2010-2011 ikasturtearen hasieran. Orotara, 10.000 bat ikasle dira, tokiko Hezkuntza arloaren arabera. Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “aparteko neurria da, gaur egun ekonomiak bizi duen beheraldiaren harira hartutakoa. Laguntza zuzena da familientzat; eta bestelako erakunde publiko zein pribatuk emandako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera jaso ahal izango da, Diru-laguntzen Udal Ordenantzak ezarritako baldintzen arabera”. Eskaera-orriak udalerriko herritarren arretarako edozein bulegotan aurkeztu ahal izango dira, urriaren 15era bitartean. Hori udal webgunean zein aipatu bulegoetan eskura daitezke. Orriarekin batera eskatzailearen DNI fotokopia, familia liburua (laguntza eskatzen den semeari edo alabari buruzko datuak jarriz), ikastetxeko ziurtagiria adin txikikoaren izena ipiniz, eta ikasketak egiteko matrikularen kopia ere atxiki beharko dira. Argazkian, udal arduradunak Algortako Egunsentia haur-eskolan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!