Aurten Palestinan izan gara Askapenak bideratutako kultura brigadan. Oraingoan talde handi bi izan gara. Bertako kulturgileekin batzartu, egoera politikoaren berri izan, bertso saioak, kontzertuak, dokumentala... Berriz ere, elkartasuna jaso eta emateak zoriontsu egin gintuen are-lurren sargoripean.
Brigada batean zein bestean, atxilotu dituzten Askapeneko kideen lanak bi izan dira. Batetik, bertako egoerari buruzko informazioa eman, ikuspegi historikoa, alderdi bakoitzaren jarrera, internazionalismoaren balioak, GKEen kapitalismoaren "Troyako zaldi" papera azaldu... ezagutzera gindoazen errealitatea ulertzeko bitarteko intelektualak eman dizkigute. Bestetik, Eiren zein Palestinan geunden bitartean neba-arreba legez zainduko gintuen jendearekin loturak egin eta aditu izugarri interesgarriak ezagutzeko ateak zabaldu dizkigute. Baina kasurik gehienetan eurek ez dute gurekin bidaiatzen.
Alegia, munduan zehar ez dakit zein delitu egiten ibili garenak hamarkada hauetan brigadista izan garen milaka lagunak gara. Gu izan gara Askapenaren aho eta belarriak.
Beraz, Auzitegi Nazionaleko bele beltzok, zuen atxiloketa kamioiei itxaroten gaude.
Fredi Paya bertsolari algortarrak atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.