Olatuetatik energia elektrikoa ateratzeko asmoz,
Armintzako kostaldean jarri nahi duten
BIMEP (Biscay Marine Energy Plataform) azpiegituraren proiektua baztertu eta eta gaur egungo "neurriz kanpoko" energia kontsumoaz hausnarketa sakona egitea exijitu zuen, joan den ostiralean emandako prentsaurrekoan,
Eguzki talde ekologistak. Lehenik eta behin, "energia berriztagarri" izenpean garatuko den arren, "irabazi ekonomikoak" helburu dituen beste proiektu handi bat dela salatu zuten naturazaleek. "Ez dugu hitz egiteagatik hitz egiten, proiektu hori ez baita ez iraunkorra ez ekologikoa", adierazi zutenez. Batetik, proiektuak ingurumenean izango duen eraginaren inguruko azterketarik zergatik ez den egin galdetu zuten. Zentzu horretan, Armintza inguruko bizilagun nahiz ekologistei "proiektuaren inguruko informaziorik ez" dietela eman salatu ostean, publiko egin duten informazio apurra "kezkagarria" dela esan zuten. Besteak beste, "nekazaritza lurrak desjabetuko dituztela" adierazi zuen Eguzkik; baita proiektuaren bultzatzaileek
Lemoizko zentral nuklear zaharreko eremua erabiltzeari uko egin diotela ere, "hori egiteak nekazaritza eremuen okupazioa txikituko lukeen arren". Argazkian, Armintzako kostaldea.