Ertzaintzak 49 urteko gizona atxilotu zuen pasa den ostiralean Getxo udalerrian, taberna batean emakume bati sexu erasoa egin izana egotzita. Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, erasoa ostiral eguerdian izan zen, Getxo udalerriko tabernaren batean. Ezer esan gabe, gizonezkoa emakumeari gainera joan omen zitzaion eta pubiseko zonaldea hainbat aldiz ukitu ei zion, arroparen gainetik. Ondoren, gizonak alde egin zuen. Biktimak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari, hainbat lekukok bere salaketa berretsi zutela. Ondoren, poliziek ustezko erasotzailea bilatzeari ekin zioten, gertuko kale batean antzeman eta Neguriko Ertzain-etxera eraman zutena. Herrizaingo Sailaren arabera, gizona pasa den abuztuan ere atxilotu zuten, Getxo udalerrian izandako horrelako beste kasu batean. Larunbatean epailearengana eraman zuten.